XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bada beste zerbait ere.

Patxara osoan gabiltzala, edota eliza batera istant batez sartzean, edota geure logelan mintzatzen hasten gatzaizkizunean, Jauna, gure otoitza ez da, sarritan, gure egiazko bizitza.

Badirudi, ihesalditxo bat egin nahi genukeela beste mundu batetara.

Baina, badakigu, gure egiazko bizitza geure familian, geure lanean, geure gertakarietan, geure herriaren eta munduaren gorabeheretan gertatzen dela.

Jauna, erakutsiguzu nola hitzegin behar dizugun, baina geure bizitzarekin zintzo garelarik, eta otoitza alai eta jator delarik.

Honela hotseginen lioke Jainkoari gutako askok.

Ez ote daiteke, ba, otoitzik egin egunoroko bizitza arruntean oinak ezarriz? Ezin ote daiteke otoitz egin, ez bizitzatik etena, baizik Jainkoaren lehen hitzaren, hots, nire izatearen egiazko erantzun litzatekeen otoitzez? Bai; otoitz horrek izan behar du izan.

Horretara garamatzan bidea, honela hasten da: gure lehen erantzuna Jainkoari, garrantzizkoena, gure bizitza bera denaz konturatuz: gure haurrekiko ardura, gure lana, ikasketak, maitasuna, iraupena, eramanpena eta, batez ere, Jainkoaren nahiarekiko obedientzia.

Izan da saindurik, bizitza guztia otoitz dela azpimarratu duenik.

Entzun diezaiogun Jesusi: Neri, Jauna, Jauna, esanez ez baino zeruetako nire Aitaren borondatea eginez sartzen da Zeruetako Erreinura (Mt 7,21).

Ongi bizitzen ahalegintzea aski ote da otoitz bezala? Ez da gutxi, noski.

Eta bada horrekin gelditu nahi lukeen kristaurik.

Egunoroko eginbehar neketsuak ez dio betarik uzten bake eta isiltasun apur batetarako.

Ezin egin dute, lasterregia, arinegia, gezurtia dirudien otoitz bat besterik.

Horrela, Jainkoaren misterio neurrigabearekin egokiago datorrela iruditzen zaie bizitza jator bat egiten saiatzea, soil-soil.

Hori bederen jatorra izanen da.

Baina, gizatar eta posible ahal da horretan gelditzea? Jator ote litzateke, norbait egiaz maitatu, eta inoiz ere berorrekin ez hitzegitea? Ba ote daiteke, horrela, obedientziazko eta fedezko bizitzari eustea? Bere bizitzako ordu samingarrienean, oharpen hau dagie Jesusek bere dizipuluei: Zaudete erne eta egin otoitz, tentaldira sar ez zaitezten; erne dago, bai, izpiritua; baina gorputza argala da (Mt 26,41).

Ezin iraun dezakegu, erne egotekotan, behin eta berriro geure baitara bildu gabe.

Bestela, gure obedientzia arinkeria bilakatuko litzateke.

Jainkoaren presentziaren kontzientzia hustu egingo litzaiguke eta, tentaldian, haren nahiaz ahantzirik ginateke, eta gutxietsi egingo genuke.